XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

6) Azkenez, euskararen euskalkien arazoa.

Nabari da Euskal Komunitate Autonomoan bi euskalki direla nagusi, bizkaiera eta gipuzkera.

Irizpide logiko batetik badirudi zenbait kasutan bederen euskalki hauek ere aintzakotzat hartu behar direla, mundu juridiko-administratiboaren zenbait kasutan (bulego profesional edo publikoetan, jendetik hurbilen diren lehiatiletan ahozko erabileran eta abar, ahaztu gabe, gai honetako Udalen problematika aparta, Administrazioaren lehen maila den aldetik) onargarri izango bait litzateke euskalkien erabilera hori, gutxienezko standarizazio baten barne, banaketarako baino, geroko batuketarako aurrepausu bezalaxe.

Honetan ere, oreka bat lortu beharra dago Zuazo-k (1988) berrikitan gogoratu digunez, zeregin juridiko hauen xedea ahaztu nahi ez badugu behintzat.

7) Bestaldetik oso argi dago euskarak, finkapen eza dela medio, hizkuntz mailetan duen eskasia.

Odriozola-k (1984) azaldua duena egia osoa egiten da euskara juridiko-administratiboan, hots, ez dugula inolako kontzeptualizazio juridikorik euskaraz ezagutzen eta sortzen ditugun testuak herrenak sortzen zaizkigula, zio hori dela eta.

Eta inon zehaztu egin behar bada euskara, hizkera moeta hauetan da, berba batetik zein bestetik ondorio juridiko garrantzitsuak etor bait daitezke eta testu baten interpretazioan oinarri bait daiteke nor berearen eskubidea defentsarako arrazoia edo argumentua.

Beraz, euskararen kasuan Euskal Administrazioan (eta hedaduraz Euskal Herrian edozein administraziotan) sortzen ari den mintzaira batez mintzatzen zaigu eta, kasurik gehientsuetan, erantzuteko gaitasunik ez daukagu.

Norbaitek esango dit erderaz ere gauza bera gertatzen dela.

Eta ez dut beste irtenbiderik izango berarekin bat etortzea baizik.

Baina erderaz hizkuntz mailak aspalditik finkaturik daude eta hizkera idatzia eta berbatua desberdinak diren heinean, eskola ere badugu, eta lege gizonek ere beren eskola-ikasgaiak, honen bidez eman dituzte.

Beraz, euskaraz ez dagoen sustrato hori, egon badago eta sustrato horri eusteko kate botere osoa da, euskaraz, hain zuzen ere, falta dena.

Mailakatze honen edukinean sakontzeko, argi dago euskaraz ozta-ozta ematen direla gaztelerazko ñabardura eta esamoldeak (ia gure erreferentzi bakarra).

Tankera eta taiu honetako testugintzak zein erabilerak halako arazo konplexuak ekartzen dizkigu.

Jite formaleko testuetan tratamenduak zein hizkera objetiboek erdaraz duten formalismo maila euskaraz ez da ematen.

Edo eman nahi bada erabilitako formula gogorra egiten zaio euskaldunari, testu zein mezu hartzailearen euskarazko heziketa eza ere ahanzteke.